XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaztaiak saskian sartzen ari zen aita, Anjelito arnas estuka bordako atarira sartu zenean.

- Aita, aita, ikusi dut, ikusi dut. Han dago....

- Ze ikusi duzu? - Zea, lotan dagoela ematen du.

- Baina zertaz ari zara...? - Neska txiki hura. Hartzekin zegoena....

Aitak soka hartu eta arreta haundiz hurbildu zitzaizkion.

Inork ez zuen hitzik esaten, neska esnatzeko beldurragatik.

Anjelito makurtu eta izter bat ukitu zion.

Tinkoa ematen zuen.

Jauzi batez esnatu zen eta, aitak bi eskuez irmoki eutsi ziolako ez zuen ihes egin.

Basabere baten antza borrokatu zuen eta, azkenik, txonkalitetatik eta eskumuturretatik lotu zuten, ardiekin egin ohi zuten bezala.

Zaldian jeitsi zuten herrira, saskiekin batera.

Herrian sartu orduko ikusi zituzten lehenengo haurrek eta, etxera iritsi zirenerako, hantxe begiztatu zuten amona, lasterka beraiengana....

- Emaidazue, emaidazue nire maitea. Nire alabari agindu nion... Nik banekien....

- Tira, ama, ken zaitez bidetik. Itxoin etxean sartu arte behintzat....

Kuriosoak uxatu ondoren sukaldeko oholtzan utzi zuen aitak lotuta.

Hilik zegoela zirudien eta zikina, hain zikina....

- Nola bururatu zaizue lotzea ere... Nere laztana....

- Ama, ez al duzu ikusten bizkarrezurra guztiz okertuta daukala, arku bat osatuko balu bezala? Desafio hutsean begiratu zion amonak bere semeari.

- Jainkoaren izenean, aska ezak lehen bait lehen.

Nik garbituko diat eta... Esaidazu, maite...... esaiozu amonari....

Ulu antzeko marrua izan zen lurretik etorri zitzaion erantzuna.